XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hilketa gauean, hobeto esanda goizaldera, marinelen parranda batetik etxeratu zenean, piztia bere logelan aurkitu zuen; ondoko gelatik zen hara joana, bere ustez ondo itxia zeukan gelatik, alegia.

Bizarra kentzeko labana eskuan zuela, ispiluaren aurrean zegoen eserita erabat xaboiztatua, bizarra kentzeko ahaleginetan; zalantzarik gabe, aurrez horretan ikusia izango zuen nagusia, gelako sarraila-zulotik begiratuta.

Hain arma arriskutsua hain animalia basatiaren eskuan eta erabiltzeko oso gai zela ikusteak sortutako izuagatik, gizona zer egin ez zekiela gelditu zen pixka batean.

Halaz guztiz, amorrualdirik basatienetan ere ohituta zegoen zartailuaren laguntzaz piztia baretzen, eta hartara jo zuen orduan ere.

Hori ikustean, orangutana gelako atetik saltoan irten, eskaileretan behera jaitsi eta handik, zoritxarrez zabalik zegoen leiho batetik, kalera salto egin zuen.

Etsi-etsian, atzetik jarraitu zion frantziarrak; tximinoa, artean labana eskuan zuela, noizean behin gelditu egiten zen atzera begiratu eta jarraitzaileari imintzioak egiteko, hau ia berarenganaino iritsi arte.

Orduan berriro ihes egiten zuen.

Honelaxe jarraitu zuen harrapaketak luzaroan.

Kaleetan erabateko isiltasuna zegoen, goizaldeko hirurak baitziren ia.

Rue Morgueren atzeko kaletxo batetik igarotzean, etxeko laugarren solairuan, (...)